Nafarroako Gobernuak 2010eko urtarrilaren 11n “Vianako Printzea” Nafarroako Nazioarteko Sariak sortu zituen. Sari horiek Nafarroak ematen dituen sari garrantzitsuenak dira edozein herrialdetako pertsona eta erakundeek hiru esparrutan egiten duten lana aitortzeko: kultura, gizarte-elkartasuna eta mendeko pertsonen arreta.
Kulturaren Vianako Printzea Saria arteen, letren eta zientziaren esparruetan sormen lana egin duten pertsonei ematen zaie. Saria Nafarroako Gobernuak 1990ean sortu zuen eta 1993ko laugarren ediziotik Felipe Borboikoak, Asturias eta Vianako printzeak, ematen du.
Elkartasunaren Vianako Printzea Saria 2001ean sortu zuten Nafarroako Gobenuak eta Euskadiko Kutxak kolektibo behartsuenen garapenean eta esparru horretan boluntariotza sustatzen lan egiten duten erakunde eta pertsonen lana aitortzeko.
Mendekotasunaren Arretaren Vianako Printzea Saria Nafarroako Gobernuak aurten sortu du Caja Navarrarekin lankidetzan, eta lehenengoz ematen da adinarengatik edo mendekotasunen bat izateagatik arreta bereziak behar dituzten pertsonen arretan jarduera esanguratsuak aitortzeko.
Hiru sariek Vianako Printzea izena izango dute, errege-titulu horrek Nafarroan duen esangura historiko sakonarengatik eta sariak Asturias eta Vianako printzeak emateak duen garrantzi bereziarengatik. Sariak emateko ekitaldian antzinako Nafarroako Erresumako errege-erreginei omenaldia egiten zaie.
Sari bakoitzaren zuzkidura ekonomikoa 40.000 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuaren akordio bidez ematen dira. Sariak zazpi kideko epaimahaiek proposatzen dituzte, eta kide horiek sariaren kasuan kasuko esparruan ospe handia duten pertsonen artean hautatzen dira.
Sariek nazioarteko izaera dute eta sari horietara munduko herrialde guztietako hautagaiak aurkez daitezke. Hautagaiak erakunde akademiko eta zibilek eta gobernu-erakundeek aurkeztu behar dituzte.