Vianako Printzea Saria

Vianako Printzea

Saria 2012

Oinarriak


Sariaren xedea eta zenbatekoa.

Kulturaren munduan nabarmendu diren pertsona edo entitateei beren ibilbidea aitortzea du xede aldian behingo sari honek, bai arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan egindako sormen lana, bai zientzian, teknikan eta ikerketan egindakoa kontuan hartuta.

Saria 25.000 eurokoa da eskudirutan. Hori jasotzeko, entitate sarituaren arduradunak edo pertsona sarituak saria eskuratzeko ekitaldian agertu beharko du.

 

Hautagaiak aurkezteko epea eta tokia.

Proposamenak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igorriko dira (Navarrería, 39-1.a; 31001 Iruña, Espainia) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean 2012ko Kulturaren Vianako Printzea Sarirako dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, faxez (+34 848 424 629) jakinaraziko da hura igortzen den egun berean. Eskaerak posta elektronikoa baliatuz bideratuz gero, helbide honetara igorri: premioprincipedeviana@navarra.es.

Hautagaiak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2012ko apirilaren 16an bukatuko da.

 

Entitate proposatzaileak.

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek eta edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuek, ministerioek, udalek, unibertsitateek, akademiek, ikerketa zentroek, enbaxadek, kontsulatuek eta abarrek) aurkezten ahal dituzte hautagaiak, baita legez eratuta dauden edozein herrialdetako hezkuntza, kultura eta gizarte entitateek zein GKEek; orobat, erakundeak gonbidatutako pertsonalitateek eta epaimahaiko kideek.

Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaiak baztertu eginen dira.

Sarirako hautagaiak aurkeztearen ondorioz, oinarri hauek goitik behera onartuko dira, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Oinarrian aipatu entitate edo pertsonek hautagaia aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo proposatzen diren pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web orrialdea (baldin badu), IFZ edo antzekoa, erregistroetan duen inskripzio zenbakia, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Azalpen memoria (1.000 hitz gehienez), delako pertsona edo entitatea aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartzen diren merezimenduen frogagarri.

c) Nahi izanez gero, hautagaiaren aldeko bi gutun aurkezten ahal dira gehienez.

d) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

 

Tramitazioa.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak lehen hautaketa bat egiten ahal du, loteslea ez dena epaimahaiarentzat. Horretarako, hari igorriko dizkio finalisten proposamena eta aurkeztu diren gainerako hautagaiena.

Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora jo daiteke, telefono bidez (848 424 644) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: premioprincipedeviana@navarra.es.

Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

 

Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

Zazpi kidek osatuko dute sarirako epaimahaia -burua eta sei mahaikide- kulturaren arloan ospe handia duten pertsona eta profesionalen artean hautaturik. Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu, martxoaren 7ko 13/2012 Foru Dekretuaren 5. xedapenean ezarritakoari jarraituz. Foru dekretu horren bidez sortu da Kulturaren Vianako Printzea Saria.

Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

Nafarroako Gobernuak emanen du saria, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, garaiz jakinaraziko den egunean.

 

Errekurtsoak.

Sariaren deialdi honen oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.